Agenda 21
Aspalditik sentitutako beharra da udalerriak dinamizatu eta garatzeko Udalek esku hartzea. Premia horri erantzuteko, herriko jarduera-eremuak sortu dira, gestio-tresna arinen bidez eraginkortasunez jarduteko. Horien helburua da, identifikatutako ahalmen propioei balioa emateko, noizean behin ekintza zehatzak antolatzea eta, bitarteko erabilgarriak optimizatuta, programa propioak burutzea.
Elgeta 21ek udalerriaren garapen ekonomikoa du helburu.
Ildo horretatik, Elgetako Udalak "Elgeta 21" izeneko Garapenerako Udal Sozietate Publikoa sortu du. Sozietate honen helburu soziala da ekimenak eta inbertsioa bultzatu eta sustatzea, Elgetako udalerriaren garapen jasangarria bermatzeko. "Elgeta 21" 5 milioi pezetako kapital sozialarekin eratu da eta, besteak beste, honako helburu hauek ditu: industriarako, etxebizitzetarako eta zerbitzu-mota guztietarako eraikinak eraikitzeko lurzorua sustatu, antolatu, urbanizatu, erosi eta saltzea; eta industri eraikinak, etxebizitzak, zerbitzuak eta komunitate-hornidurak sustatu, proiektatu, eraiki, erosi, saldu edo laga eta gestionatzea, baldin eta Elgetaren onurarako erabilgarritasun publiko eta pribaturik badute.
Garbi dago lurralde-eredua zehaztea ez dela erakundeen lana bakarrik izan behar, baizik eta sektore publikoaren, sektore pribatuaren eta eragile sozialen arteko lankidetza bilatu behar dela. Beraz, etorkizunari aurrea hartzeko, hausnartzeko... erronka kolektiboa da.
Burutu nahi den edozein antolamendu egokik kontuan hartu beharko ditu bai gaur egungo beharrak bai etorkizuneko ahalmenak. Lurraldearen antolamenduak, gizarte osoaren politika ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoaren adierazpen espaziala den aldetik, lehenik eta behin iraganeko herentziak eta desorekak jaso behar ditu, gero horiek etorkizuneko apustuen arabera zuzentzeko.
Elgeta 21en erronka handi bat hauxe da: oreka egokia egotea Udalaren hirigintza-eskuduntzei zor zaien errespetuaren ?edo udalak nahi duen hiria egituratzeko estrategia propioak izatearen? eta lurralde-eredu orekatu eta jasangarria lortzeko helburuan eragiteko aukeraren artean. Era berean, adierazi behar dugu garrantzitsua dela Elgetarako Debagoiena barruan dauden udalerriek (11. Area Funtzionaleko kideak) elkar ulertzeko formulak bilatzea, jarduera industrialak eta abar koordinatuko dituzten antolamendu-ildoak bideratzeko eta, horrela, eskualde honetan oinarrizko bi jarduera-ardatz sortzeko:
- 1. korridorea: Antzuola, Bergara, Elgeta
- 2. korridorea: Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Gatzaga.
Hemen proposatu diren jarduera-oinarriek, lurraldearen gune jakin batzuk sustatzeak desorekarik ez dakarrela, guztiz kontrakoa baizik, ulertarazteko erronkari egin nahi diote aurre. Udalerriz gaindik proiektatzen diren jarduerak Udaletik bertatik banatzea, lurralde-ikuspegi zabaletik eta hausnarketa integratu eta diziplinanitzean oinarrituta baino ezin da egin.
Elgeta 21 eta etorkizuneko erronkak
- Lurraldearen antolamendua egitea etengabe aldatzen ari den mundu ireki honetan. Lurraldea prestatzea ekonomia, gizarte eta lurraldearen arteko oreka hobea izan dadin; horrek malgutasun handia eskatzen du lurralde-antolamenduan.
- Herri-garapenaren eta herriz gaindiko garapenaren arteko kontrakotasuna gainditzea.
- Egitura ekonomiko enpresarialaren eta lurraldearen arteko konpromisoa finkatzea.
- Lurraldearen Antolamenduak izan behar du gizarte eraginkor, ireki eta solidariorako lanaren ardatz nagusia.
- Lurralde-ereduaren ondoriozko baldintzei erantzunez:
Garraio-azpiegiturak hobetzea beharrezkoa da, hau da, komunikazio-sistema orokorra hobetzea eta saihesbidea egitea. Izan ere, Elgeta inguruko eremu ekonomiko garrantzitsuenekin loturarik ahalik eta onena bermatzea oso garrantzitsua da. Area funtzionaletako buruekin eta, oro har, tamaina ertaineko hiriekin ere lotura erraza ahalbidetzea nahi da, produkzio-sistema gehiago integratzeko eta harreman sozial eta kulturalak estuagoak izatea lortzeko. Landa-eremuak ezin ditugu txokoratu.
Halaber, komunitateko ekipamendu-azpiegiturak hobetzea nahi dugu. Beste Industrialde bat egitea (Pagatza 2) komenigarria da, 80.000 metro koadro ingurukoa, industri parkeei emandako parametro espezifikoei jarraiki. Parke horietan, industri produkziorako eraikuntzekin batera, hirugarren sektoreko jardueretarako eraikinak ezartzen dira, beti ere ingurugiroaren kalitatea izugarri zainduta eta morfologia eta irudi orokorra kontrolatuta.
Era berean, Elgeta 21ek argi eta garbi zehaztuta dauzka jarduera-ildoek zein izan behar duten, gure paisaia industrialak nahiko genituzkeen ezaugarriak har ditzan:
- Industri jarduerak garapena, kalitatea, bizitasuna eta indarra transmititu ahal ditu eta behar ditu, baina hori ez dator oso bat ohiko irudiek erakusten duten ingurugiroaren hondamenarekin eta kalitate eskasarekin.
- Gaur egun jauzi kualitatibo garrantzitsua eman da industri asentamentuen antolamendurako irizpideetan. Ildo horretan, Elgeta 21ek apustu argia egiten du ingurugiroaren eta irudi industrialaren hobekuntzaren alde.
- Industri paisaia hiri-paisaiarekin uztartu behar da.