Pablo Uranga margolaria
Haurtzaroa eta gaztaroa

Pablo Uranga y Diaz de Arcaya Gasteizen , hiriaren erdi - erdian Pintorería kaleko 94 zenbakian , jaio zen 1.861 urteko ekainaren 26an, José Blas de Urangaren , hau Administrazio militarraren ofiziala bait zen , eta Juana Bautista Diaz de Arcayaren semea izanik. Nahiz eta jaiotzez arabarra izan , alde batetik , behintzat , gipuzkoar jatorria zuen bere jaiotz - agiriak erakusten duen bezala. Haurtzaroa gorabehera berezirik gabe igaro zuen harik eta hiru urte zituenean ama hil zitzaion arte, orduan aita , etsita , kartusiarren komentu batean sartu bait zen. Aitagandiko aitonarekin hasi zen bizitzen Pablo , baina beranduago aitak komentua utzi eta Tomasa Gogorzarekin ezkonduko zen , hau izango zelarik Pabloren egiazko ama. Hala ere , Pablok sei urte dituenean , ustegabean hiltzen zaio aita eta Gasteizko famili etxea desegin. Alarguna eta hiru semealabak , Pablo eta bigarren ezkontzatik sortutako Fernando eta Maria anaiarrebak , Elgetara doaz bizitzera , bertan koinatua , Fernando Antonio de Uranga , parroku bait zuten.
Urdiñako jesuiten barnetegian ikasten du 1874-75 ikasturtean , ordurako bere dohaiak marrazkigintzarako nabarmentzen zirelarik. Emaitzak ikusita , Pablok barnetegia utzi eta Aberasturira itzultzen da. Handik Gasteiza abiatuko da , berriro ere Marcelino osabarekin, honek San Prudentzio kalean etxe bat eraikia baitzuen, eta asmoa , nahiz eta beranduago Arte eta Ofizioetako Eskola izena hartuko zuen , orduan Arte Ederretako Eskola - Akademia izena zeukan horretan 1878-79 eta 1879-80 ikasturte akademikoetan ikastea izango da.
Pablok bere gaztaro bidaiaria jarraituko du eta Gazteizetik Jerez de la Fronterara joango da, bertan osaba batek , amaren neba eta Kolegiatako abadea baitzen, hartu eta hezitzen duelarik. 1884 urtean Madrilera joaten zaigu. Behin Espainiako hiriburuan , "Real Academia de San Fernando " delakoan sartu zen eta marrazkigintza , koloretasuna , anatomia eta konposizio artístikoari buruzko ikastaroak jaso zituen Diáscoro Puebla , Alejo Vera , Pablo Honbrados , Madrazo eta José Parada bezalakoak irakasle izan zituelarik.
Pradoko museoaren eragina
Hala ere , ez zen San Fernandoko Akademia izan bere nortasuna osatu zeneko tokia, Pradoko museoa baizik, bertan hazi eta gorpuztu baitziren berez zituen joera koloristak eta baita bizitzaz zituen errepresentazioak errepresentatzeko era ere. Bere hezkuntzarako ezezik , bertan pertsona interesgarri bat , Paco Durrio Bilboko eskultorea , ezagutu zuelako ere izango da garrantzitsu berarentzat Madril hiria, eta horrekin Madrileko inguruetan , El Escorialen, Toledon zehar ibiliko da eta baita hasi Greco pintorea miresten ere. Durrio izango da gainera , Uranga Parisera joateko adoretuko duena 1888 urtean , bertan bizi baitzen Bilboko eskultorea Bizkaiko Aldundiaren pentsio bati esker.
Parisen , Urangak daraman buhame-bizitza eta hezkuntza zein ikasketarena tartekatuko ditu. Estreineko urte hauetan Paco Durriorekin bizitzera doa Uranga, honek Montmartren zeukan "atelier-ean ". Bilboko eskultoreak ere Ignacio Zuloaga aurkezten dio Parisera iristen denean 1890 urtean. Ordutik aurrera beraien arteko aiskidetasuna haustezina izango da . Bien arteko harremana sendotuta ,beste bi pintore gehiago , Santiago Rusiñol eta José María Jordá , elkartuko dira taldean, euskaldunak eta kataluniarrak zituen errepublika hura osatuz.
Parisen emandako buhame urte hauek alaitasun urteak dira , dibertsiozkoak , baina baita hezitzekoak ere. Parisek berebiziko garrantzia dauka Urangarentzat aukera ematen diolako bai ikasteko , bai garai hartako Espainiako pinturaren esparru estutik ateratzeko eta baita garaiko panorama artistikoan izen bat lortuz joateko. Horretara, badakigu 1893 urteaz geroztik " Artista Independienteen Elkartearen kide zela, kasik 100 pintorek osatzen baitzuten elkarte hori, horien artean Pierre Bonnard, Tolouse-Lautrec, Regoyos , Losada , Zuloaga, Rusiñol , Utrillo eta abar aurkitzen zirelarik.
Bere lehenbiziko erakusketa Parisen (1897)
Hala ere , Pariseko biografia horretan duen une garrantzitsuena, 1897ko martxoaren 3an Le Barc de Boutevillen , banaka , bere lehenengo erakusketa burutu zuenekoa da. Urangak 92 obra erakutsi zituen , horien artean olioak , akuaforteak , marrazkiak eta pastel bakar bat zeudelarik. Une horretatik bertatik aurrera pintoreak argi eta garbi azalduko du zeintzu diren gogoken dituen gaiak: zezen gaiak , paisaiak , barnealdeak , erretratuak, etab.
Etorkizuna aldekoen zeukanean , zuen izaeraren berezko aterabide batean , Paris uztea erabakitzen du eta Elgetara itzultzea .
1901ean Bilbon antolaturiko Erakusketa Modernistan hartzen du parte . "Juventud" deituriko aldizkarian , Mariano Benlliure -ren aurka , euskal artisten agiria sinatzen du. Bolada oanak jarraitu zuen , oraingo honetan bere bizitza pertsonalean , Arrasaten ezkondu baitzen Gasteizeko maistra gazte batekin, Prudencia Lejarretarekin, 1903.urte haseran. Nahiz eta bikoteak Elgetan bizitzen jarraitu , Pablok artearen ikuspegitik hitz eginda , Bilbo aldera begiratzen du.
Heltzaroa
Jaio zen hirira, Gazteizera, aldatzea erabakitzen du Pablo Urangak 1906 aldera. Han egongo da 1918 urtera bitarte, aldi hori izango duelarik, gainera, distira artistiko handienekoa. Gasteizen , pintore -estudioa irekita mantendu zuen Foru kalean lehenengo, eta Frantzia kaleko 35 zenbakian beranduago.
Neurri batean, 1907. urtea du Urangak bere aberrian onespena lortu zuenekoa, orduan enkargu garrantzitsuak jaso eta zenbait erakustalditan sariak irabazi baitzituen. Ramón de la Sota Jaunaren enkarguz, nahiko emaitza onez jarraituko duen genero berri bati ekingo dio Urangak, hots, historiaren gaineko pinturari. Bizkaiko industriariaren jauregitxoa apaintzeko pintura bat burutuko du, "Bienandanzas y Fortunas de Lope Garcia de Salazar " izeneko tapiz gisako bat.

Hala ere, gai historikoak erabiliz ospe handiena emango dion obra " Las Bodas de la Paz " izeneko triptikoa izango da, horrekin parte hartu baitzuen Zaragozan 1908. urtean burututako Erakustaldi Hispano - Frantziarrean zilarrezko domina lortuz. Triptikoa Bizkaiko mezenas baten enkargua izan zen, Olaso Markesarena, Trapagan zuen jauregia apaintzeko, hain zuzen.
Oso aldekoa gertatzen zaio pintoreari XX. mendearen bigarren hamarkada. Maila pertsonalean, alabaren ondorengo lehenengo semea jaiotzen da. Pablo; lanbidearen erakusketa desberdinetara artelanak bidaltzen jarraitzen du, baita atzerrira ere.
Euskal Artisten Elkarteko kide
Bilbon 1910eko urrian Arte Modernoaren 6. Erakustaldian zazpi artelanen bidez parte hartu zuen, eta jadanik ordutik aurrera eraginkorki esku hartuko du azkenean Euskal Artisten Elkartea izango den horretan. Lehenengo urratsa Bilboko Arte Ederretako Elkartea sortzea izango da. Estraineko urrats honetatik sortuko da 1911ko azaroaren 11ean Euskal Artisten Elkartea eta badakigu 1913. urtean Uranga horren partaide zela.
Bien bitartean Zuloagarekiko adiskidetasunak jarraitzen du eta horrekin batera doa Fuendetodos herrian Goyari egin zitzaion omenaldira 1913ko maiatzean, horretan Zuloaga herriko Seme Kuttun izendatu bait zuten.
Mugarri garrantzitsua da 1914. urtea pintorearen iharduera artistikoan. Martxoan Bruselara doa hil berria zen Darío de Regoyos goratzartzeko burutu zen Estetika Askearen Erakustaldian parte hartzeko asmoz.
Urte bereko ekainaren 24an Eibarko Arte eta Industriako Erakusketan parte hartzen du. Erakusketa Ignacio de Zuloagak antolatu zuen. Euskal Artisten Elkarteko partaide gehienak parte hartu zuten erakusketa honetan.
Nahiz eta, ikusten dugun bezala, Urangak arrakasta handiak lortzen dituen erakusketa desberdinetan, benetan aurrera jarraitu eta bizitza ateratzeko aukera ematen ziotenak jasotzen zituen enkarguak ziren, batez ere elizen dekorazioak (Betoño, Zaldibia, Tolosa, Elgeta, Eskoriatza, eta abar )

Pablo Urangaren omenezko iturria.
1915eko abuztuan Gasteizen, Alfontso XIII.a Espainiako erregea klausura egunean bertara joan baitzen, eragin handia izandako " Tercer Concurso Obrero y Exposición Artística, Industrial, Agrícola y de Enseñanza " delakoan parte hartzen du. Antolatutako iharduera desberdinen artean Arte Erakusketa nabarmentzen da, probintziako artista garrantzitsuenak agertu baitziren bertan. " Corazonistas " Ikastetxearen lorategietan burutu zen eta, nahiz eta lehiaketaz kanpo parte hartu zuen, bertako prentsaren aldetik onespen garrantzitua lortu zuen Urangak.
Nahiz eta ikusi berri dugun bezala are bere jaioterrian ere onespena Urangarengana iristen hasi den, zaila gertatzen zaie bizitza Gazteizen eta Donostiara aldetzea erabakitzen du familiak. Okendotegi auzunean biziko dira emazteak, Arantzazuko fraideen bitartez, maistra lanpostua lortu zuen eta.
Donostian emandako estraineko urte hauetan, eta batez ere 1925. urtea bitartean, Urangak Bilboko kultur bizitzarekin eta Euskal Artisten Elkartearekin lotuta jarraituko du. Horretara, 1919.urtean hiru gertaera artistiko garrantzitsuetan parte hartuko du: otsailean, Euskal Artisten Elkartearen erakusketa kolektiboan, horretan bi obren bidez "Un Hogar" eta "Calle de Elgeta" parte hartzen baitu Urangak; era berean, maiatza eta ekainean parte hartzen du Zaragozako Erakustaldi Hispano - Frantziarrean, bertan Marquet, Bonnar, Blamick, Picasso, Nonell eta Gargallo bezalako artista garrantzitsuen artelanak erakusten direlarik.
Garaiko margolari onenekin batera
Hala ere, oihartzun handieneko gertaera artistikoa Pintura eta Eskulturaren Nazioarteko lehenengo Erakustaldia izango da, Bilbon 1919. urteko abuztua -irailan burutu zena. Urangak hiru obra bidali zituen : "La comida", "Campanario de Elgeta" eta "El Parral de Segovia". José Solana, Aurelio Arteta, Barrueta, Ricardo Canals, Nonell eta Picasso bezalako beste pintore batzuekin areto berean dago.
Urte hauek nolabaiteko erretiro baten hasera suposatzen dute Urangarentzat , lehenengo Okendotegin zuen aterpean eta beranduago Loiola auzunean , nahiz eta erakusketa desberdinekin lotuta egoten jarraitzen duen , hala nola 1922.urteko irailean Gernikan Eusko Ikaskuntzaren Hirugarren Kongresuaren kariaz ospatu zenarekin.
Urte horretan bertan ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko harreman artistikoa jarraitzen du pintoreak.
Urangarentzat hain mesedegarri gertatu zen aldi hau , Zuloagarekin batera Estatu Batuetara eta Cubara egin zuen bidaiarekin bukatzen da.
Amerikara ere jo zuen, abentura bila-edo, 1924.ean. Elkarrekin zeharkatu zuten Amerikako geografía : aurrenekoz New York , ondoren Palm Beach eta bukatzeko Habana.
Nahiz eta lanean jarraitu zuen kasik bere azken egunak iritsi arte , Amerikan zeharreko bidaiatik itzuliz geroztik Uranga erretiratuago biziko da bidaia horretan lortutako irabaziei esker Loiola auzunean eraikiko zuen etxean , " villa Urtxon " hain zuzen. Nahiz eta nahita erretiratuta bizi , burutzen ziren erakusketa desberdinetara bere artelanak bidaltzen jarraitu zuen. Dokumentatuta dauzkan azkeenetariko lan bat Soraluzeko batzokirako horma-pintura bat egitea da, 1933ko maiatzean eta lankidetzan Simóm Arrietarekin.
Hurrengo urtean , 1934. urteko azaroaren zazpian zehazkiago , Uranga , birika minbiziak jota , Loiolako etxean hiltzen da. Hilberria komunikabide desberdinek jaso zuten.
Urangak jasotako omenaldi esanguratsuen eta maitagarrienetarikoa Ignacio Zuloaga lagunak 1944. urtean eskainitakoa izan zen, gaztaroan bien laguna izan zen Paco Durriok modelaturik bere irudia zuen medailoi bat jarri zuenean Elgetako iturrian. Omenaldiak kazetari zein argazkilari ugari erakarri zuenez gero , lagungarri gertatu zen pintorearen irudia ahnzturatik berreskuratzeko.
Hala ere , denbora igaro ahala , pintorearen irudia zegokion lekua berreskuratzen joan da. Horretara , 1971.urtean bere obra MEAC-ek antolatutako " Euskal Pinturaren 50 urte " erakustaldian barne hartzen da. 1974. urteko otsailean , La Gran Enciclopedia Vasca-k kolorezko erreprodukzioak dituen faxikulu bat eskaintzen dio " Biblioteca de Pintores y Escultores Vascos de Ayer , Hoy y Mañana " bildumaren baitan.
Hezkuntza artistikoa
- Pintore honek izan zuen hezkuntza , oso ugari eta anitza izan zen:
- Gasteizen jasotako hezkuntza (1878-1880)
- Jerez de la Fronteran jasotako hezkuntza (1881-1884)
- Madril (1884-1888)
- Parisen jasotako hezkuntza.
Bilakaera artistikoa
Pablo Urangaren ezaugarri nagusienetako bat , bere independentzia izan zen , hots, gorde zuen indibidualismoa , zeinak giza arloan nola arlo artistikoan markatu egin baitzuen aipatutako pintorea. Beraz , artista honen bilakaera artistikoari dagokionean , zaila gertatzen da korronte piktoriko edo estilo zehatz batean sartzen badu ere, ez baita erabat inon kokatzen.
Parisera eginiko bidaiaren aurreko garaia , 1888 arte , lehen etapa artistikotzat har genezake. Lehenengo etapa honetan , Urangak , Gasteizeko Arte eta Ofizioetako Eskolan zein Jerez de la Fronterako Santo Domingoko Akademian jasotako hezieraren ukitua agertzen du.
Hamaika urte zituenean eginiko akuarela batek adierazten duen bezala , artista goiztarra izan zen , dena dela kontserbatzen den lehenengo etapa honetako obraren zati nagusiak dela oleoan , nola marrazkian , klasiko eta oso akademizista bezala agertzen du, jarraitu beharreko bidearen bila dabilen heldugabeko pintore bezala. Erizpide hau , Fernando de Uranga Agirre jauna , bere osabari egin zion erretratuak (1880 ) edo Tomasa Gogortza anderea , bere amaordeari eginiko erretratuak ( 1881 ) hala egiaztaten dute.

San Fernandoko Arte Ederretako Akademian ikasteko Madrilera abiatzeak horizonte berriak zabalduko dizkio , ez soilik ikaskuntza formala erraztu ziolako , baizik eta pintura klasiko espainiarra eta batez ere , Velazquez , Goya eta El Grecoren pintura lehen eskutik ezagutzeko aukera emango diolako Pradoko Museora egindako bisitaldi naharoei esker. Azken pintore honen alde agertzen duen begirunearen ondorioz , beronen obra sakonkiago ezagutzeko El Escorialera bidaiatzera eragin zion sarri .
Tradizio klasiko espainiarraren ezagumendu eta begirune hau , Urangak bere trajektoria artistiko guztian zehar lagun lagun izango duen ezaugarrienetako bat izango da.
Pintore honen bilakaera artistikoaren bulkada nagusia , Pariserako abiatzeak eta une horretako abangoardiarekin izandako kontaktuak sortuko du. Hasera batean Paco Durriorekin eta beranduago Zuloaga eta la banda de los catalanes deituarekin izandako harremanen ondorioz , Urangak une horretan ematen diren Gugin bezalako artistarik berritzaileenekin edo Charles Morice bezalako artista kritikoarekin jarriko du harremanetan , hitz batez esanda , Urangak abangoardia hurbiletik ezagutzeko aukera izango du.
Abangoardiarekiko artista independentea
Dena den , artista honek independentzia bortitza agertzen jarraituko du eta , kolore edo argia bezalako aspektu zehatzetan , inpresionismoaren eragina jasoko badu ere , estilo hau ez du inoiz erabat asumituko eta azkenean , eskola klasiko espainiarrari dagokion tradizioaren eragin sendodun estilo propio bat sortuko du.
Pablo Uranga , tradizio espainiarraren aldeko gustua adierazi eta aldi berean estilo rupturista eta independientea erakusten duelarik , inpresionismoak eragiten duten artista bezala ageri zaigu.
Pintore honengan , inpresionismoaren eragina , kolorea eta argiari dagokienean , xehetasun handiagoz ikusiko dugun bezala , nabaria gertatzen da, bereziki ; honela , artearen kontzeptu berria eta naturatik zuzenean kopiatzen duen berrikuntza tematikoa azpimarratu egiten du, eta ikasgeletako modelo eta litografiak ahazten. Azken batean , berrikuntza tekniko bat da nabari , eta guzti honen gainetik , kreazio artistikoaren ekintzaren ikuspegi subjetiboa.... . Natura interpretatu edo plasmatzeko ekintza soilak , Uranga inpresionismora hurbiltzen duen beste faktoretariko bat da. Natura interpretatu eta adierazteko garaian , maiz askotan , era intimista batez burutzen du eta beste batzuetan , berriz , koadro hauek betetzen dituzten irudietara menperaturik .
Dena dela , Urangaren bilakaerak beste urrats bat emango du aurrera ; bere pinturakideek burutzen duten pinturatik desmarkatu eta une horretan usu gertatzen den haustura batera helduko da. Hitz batean , Urangarengan bilakaera artistikoa , pekuliarra topatzen dugu , zeina beronen nortasunarekin erabat ados datorren .