Errotak
Sarrera
1802ko, 1826ko eta 1860ko datuen arabera, garai hartan Elgetan 12 irin-errota zeuden. Guk horietako zortziri buruzko informazioa zehatza lortu ahal izan dugu.
Felisena-errota
Pablo Zubiarrementeriak, Elgetako Beko-Errota, Baltzola-Barrena eta Ola-Zarra erroten azken jabeak alegia, ondorengo historia kontatu zigun 60 urte zituenean :
Felisenian errotariak ia lana amaitu jakuan, ta ango etxekuak joan zian beste leku batea bizi izatera, ba etxea zerraute joan zian. Orduan be eskola-mutikoak eskola-mutiku eta zer ein zuten: leioa apurtu ta sartu eta errotie martxan jarri. Eta jarri eta anka egin eben ta geo ango kuadrillan ibili zan ango grupoko mutiko bat joan zan fraile eta andik 4 edo 5 urtetara aitari idatzi eutsan eskutitz bat esaten: aita, guk Feliseneko errotia martxan ifini ginduan eta joan zaite mesedez , onuzkeo majiņat lan ein du ta geratzea. Ta orrek , aita orrek , joan zan errota geratzera eta ordurako dena apurtuta topau eban.
Atxe izan zan aren errotien akaberie. Eta ori, mutiko ori , obia izan zan fraile joateko bere aitan denboan errotak erreglatzeko baino.
Pablo Zubiarrementeriak emandako datuen arabera, badakigu errota gutxi-gorabehera duela 64 urte utzi ziola lanari. Ezkerrean zuen Altzola errekak elikatzen zuen eta bi harri-parekin egiten zuen lan. Gaur egun aurriak baino ez daude.
Kokapena: Aitzola errekaren lehen errota da, Elgetatik Txalikua errekan barrena jaitsita, Aitzolatik Elgetarako herri-bidearen edo "il-bide"ren ondoan. Elgetako hirigunetik 4 km ingurura dago, gaur egun Eibarko inguruari ura ematen dion presa berriaren atzealdean, hain zuzen ere.
Txalikua-errota
Pabloren hitzetan:
Txatxilikua-ko errotariak erateko oitura zeukan. Eta Elgetan eranda otortzen zanian , errotara juan ta esaten zebela zoluei: au, nire asu , pagau biazue danok bakoitza beai tokatzen zatzuen moruan. A ezkondua zan, baiņa andrian izenik ez dakitxat. Jende asko bizi zan an inguruan. Lau etxe dare. Gurguriola zan bororren asierako izena. Gero Urbedeinkatua. Medaillia bat dala, ola piku batzu daukazena, amabirjiņaren irudia daukala. Medailliakin bedeinkatzen eben.
Etxe ori erre zan eta geratu zala biga bat, egur aundi bat geatu zala, aren gaiņian topau ebala medaillia eta gero aren medailliakin ura bedeinkatzen eben eta ori zala begizkuendako. Ba izaten zan gauza bat , esate bateako, ba niri gustatzen au ezta, ta banijo ni, eskatzen diotsat berroren balixua, ezta? ta ezdozte ematen ta, begizkoa orixe da . Eta orren kontrakua zala ori, urbedeinkatu ori eta ordun demboran zala, asko etortzen ziala ur ori eruatera eta onekin bedeinkatzen ziala ganauak, ba bei, idi, xaal, onetakoak, eta gero ardi ganaua ere bai. Da zala fede andixa eon zan gauza orrekin eta jende asko kanpotik etortzen zan ur orren billa, Mallabitik , Elorrixotik, Elgetatik, Durangotik eta inguruko jendia etortzen zan ganaua gaixotzen zanian orra uren eske. Esne txarra ematen bazun ere urbedeinkatu ori eman eta urrengo egunian ona ematen zebela, proba guzti orik eon ziala. Ta medaillia oi saldu ein eben. Etxe ori saldu ein eben eta erosi ebenei emongo eutsela ta medaillia ori galdu ez ba Elorrixon eongo da. Medaillia orrekin errezau eta bedeinkatu eite ebezela. Elorrixon dao medaillia ori.
Errekate karrezerua. Eta onek etxea saldu ein zebenian medaillia oi aixe emongo zebela esan dosta. Denboan baten toki bat zeola urbedeinkatukua. Ferreria eo dagoen tokian , orko importantiena , beak ezautu ebala txokolatera bat, axunberdi ingurukoa, litro bat esan bear da, ta esaten ebala antxe eindakua zala, ta astuna zala , burdin askokoa. Eta geo au kendu eta errota eta geo teillerixa , au be an eondakua da.
Eta orain or daren Txakelikua eta Errotazpikua. Eta azkenengo etxia ia jausten daukozue. Eta oi izan zala puntu bat ba, orren denboan oso inportantea. Aixolaerrekako puntuik inportantiena zala Errotazpikua eta Errotagaiņekua. Orren etxe aurretik ferreria eondako zer guztiak darela.
Sorgin arria. Au nik entzundakua . Au ebela arri bat ta zulo zeukala, sorgiņak eindako zulua, puntu a zala sorgiņak urtetzen eben parajia, izena eben Arzubixa , Sorginak urtetzen eben parajia zala, gui ala esate oskuen.
Oi da arri bidia edo elizbidia, erri bidie. Erri batetik besteakoa, Ermutik, Eibarretik, Zaldibartik, Mallabitik dauzena, dauen ramala Elgetarako bidia da oi. Ta or bazan bide bat, kaltzada bidia, denboran baten minerala ekarritako bide printzipala baeden or , Zaldibartik zetorrena. An bidian ikusten zan gurdia sarri pasautako seiņalia ,gurdiak pasatzian ebai eiten dau. Muestrak eon dia.
Txalikua errota , bere ezkerretik zihoan Aitzola errekako urez elikatzen zen. Erabili ostean, bere urak Txulo errekara bidaltzen zituen eta hori geroxeago aurrekoarekin elkartzen zen. Toki hori zepaz beteta dago eta horrek argi uzten du burdinola bat zegoela, Gurguriola hain zuzen. Gure lagun Pabloren arabera, duela 64 urte utzi zion lan egiteari, eta datu horiek bat datoz 1915eko Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkariko datuekin.
Kokapena: Txalikua errotaren aurriak Felisena errota baino 300 metro beherago daude, gaur egun Elgetako presak osatzen duen deposituaren amaiera aldean, ia horren muturrean alegia.
Errota-azpikua
Errota honetako Pablok dioskunez:
Kontrabandoa berentzat egiten eben. Orduko kontrabandoa Bizkaixa Gipuzkoakin zan, ta esaten zan moruan, Bizkaixan gauzia merkeago Gipuzkoan baiņo eta orrek eite eben Bizkaitxik ekartze eben generue,ba erana edo ogia, olixua edo azukria edo ori eite eben, orrek nola eukan erdixa Bizkaia ta erdixa Gipuzkua, orrek eite eben Bizkaiko partekua bertan lagatze eben eta Elgetako mikeletiak ezin izate eben ezer egin, eta orrek an lagatze eben ta orrekin zea andixak eote ziala. Etzuten diruagatik egiten. Kontrabandista nere aita zan. Oi Paentxi zan, onek diruagatik eite eben.
1865eko Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkariaren arabera, errotaria Juan Gorrotxategi Sorozabal zen.1890eko errolda ofizialari jarraiki, Errota-Azpikuan 34 urteko Frantzisko Gorrotxategi Barrutia bizi zen. 1893an eta 1895ean ere Gorrotxategik jarraitzen zuen bertan.1915eko Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkariak adierazten digunez, Aisola erreka ondoan Errota-Azpikua zegoen.
Gipuzkoa eta Bizkaia bereizten zituen Aitzola errekaren gainean zegoen eta, hain zuzen, horretaz baliatzen ziren mikeleteen etsipenaren aurrean kontrabandoa egiteko. Errota honek bi harri-parekin egiten zuen lan eta Elgetako presa eraiki zenean desagertu zen. Txalikua errotaren azpian zegoen, uretan behera ehun metro ingurura.
Pola-zarra edo Ola-lekua
1890eko errolda ofizialean jasotzen denez , errota honetan 38 urteko Pablo Beistegi Urzelay bizi zen eta 1893an ere Beistegik jarraitzen zuen bertan. Errota hau Altzola errekaren eskuinaldean zegoen eta horren urak erabiltzen zituen bi harri-pareak mugitzeko. Duela 60 urte eho zuen azken aldiz. Gero burdinola izan zen eta gaur egun Elgetako presako uren azpian dago. Kokapena: Errota-azpikua errota baino 500 metro inguru beherago.
Baltzola-barrena edo Autxena-errota
Aurrekoak bezala Aitzola errekaren gainean zegoen, zehazki eskuineko aldean. Bi harri-pare zituen. Errekaren eskuinaldea Gipuzkoakoa da eta ezkerraldea Bizkaikoa (Zaldibar). Ola-zarra errotaren azpian Atzola-Bekua baserri ederra dugu Gipuzkoan, ate gotikoa duena eta, seguruenik , beste garai batean dorretxea izan zena. Metro batzuk beherago Zaldibarko Nafarrokua errota dago, bi harri-pare dituena. Elkarren segidan, hau da, bata bestearen azpian , zeuden bi errotek osatutako multzoa zen. Batak harri-parearekin egiten zuen lan eta besteak bi parerekin. Aitzola eta Monte erreken (aurrekoaren adarra ezkerretik ) urak erabiltzen zituen. Bi horien azpian Baltzola-Barrena errota zegoen ( aurrekoak bezala, hau ere Elgetako presako uren azpian desagertu zen ). Kokapena: gaur egun presaren esutorma dagoen toki berean zegoen.
Lagun artea
Errota honek gaur egun ere funtzionatu egiten du eta Errekazabaleko urak erabiltzen ditu. Bi harri-pare mugitzen dituzten bi burdinazko kapete dauzka. Errekaren eskuinaldean dago eta gaur egungo jabeak bost bazkide dira. Errota, Izuzigarran dago, hau da, Albistegi, Urreolaegi-Zarra, Urreolaegi-Erdikoa, Olaegi-Aundi eta Olaegi-Txiki baserrien ondoan. Ubera auzotik Elgetara doan bidea hartuta ,auzo horren irteeran, bide-zati zuzenaren amaieran, eskuinaldean dagoen pista hartu eta errekari jarraiki hiru kilometrora.
Zorrondo-errota
Errota hau 13 baserrirena zen eta horiek argi elektrikoz hornitzen zituen. Zizeaga eta Olantzeta erreken urak erabiltzen zituen eta bi harri-pare zeuzkan. Azken errotaria Felix Oyanguren izan zen. Azken aldiz 1977an eho zuen. Kokapena: San Blas bazelizaren azpian, Sesia baserritik ( harlanduz eraikitako jauretxearen tankerakoa ) ehun metro ingurura.
Aurten-errota
1921-1931 inguruan eraiki zen. Elektrizitatea erabiltzen zuen eta bi harri-pare zituen. Azken errotaria Jose Maria Lamarain izan zen, Jose Maria Aurten izenez ezagunagoa zena eta 1936.urtearen inguruan 70 urte zituela hil zena. Kokapena: errota hirigunean zegoen, zehazki, Magdalena kalean.