Historia

Elgeta inguruan Neolito eta Eneolitoko aztarna arkeologikoak daude. Hala ere, hiribilduaren benetako sorrera Kristo ondorengo XIV. mendean izan zen.
1335eko irailaren 13an Gaztelako Alfontso XI.ak Valladoliden Hiri Gutuna agindu eta Elgetako hiribildua fundatu zuen Maiako zelaietan. Gasteizko forua eman zion eta baita Elgetako hiribildura bizitzera joaten zirenentzat baino izango ez ziren hainbat pribilegio ere:
Hasiera batean, Hiribilduko biztanleek zenbait arazo izan zituzten Hiri Gutuna aplikatzeko orduan, eta 1338ko abuztuaren 20an Alfontso XI.a Erregeak Guadalajaran beste dokumentu bat egin behar izan zuen hiribilduaren jabetzak zein ziren zehazteko. Honako muga hauen barruan finkatu zituen jabetzak: Larrasole, Asurtzako saroea, Arretako ura, Iraegiko mugarriak, Arrolarazeko mugarria, Idoizarragako mugarria, Egoarribia Behekoa, Ansolako saroea, Ego ibaitik gora Berengarateraino, Ganeremendia eta Epelako ura (Epelerreka).
Goian aipatutako dokumentuak Gipuzkoako Merio Nagusiari, Ladron de Gebarari, hiribilduaren barrutia mugatzeko agintzen zion, bertako biztanleek hiribildua populatu, abereak izan, lurrak landu etab. egin ahal izateko.
Handik urtebetera, 1339ko abuztuaren 26an, Elgetako alkateak, Juan Garcia de Galarragak, Juan Ibañez Arrasateko Eskribau Publikoaren aurrean dokumentuan esandakoa betetzea lortu zuen. Hala eta guztiz ere, mugatze horren aurka agertu ziren batzuk eta Enrike II.a erregeak Errege Zedula bat egin zuen 1871ko irailaren 15ean Toroko Gorteetan, jurisdikzioko biztanle guztiei mugatze hori errespetatzeko agintzen ziena. 1348ko ekainaren 16an, Bergaratik gertu dagoen Oxirondo auzoak Elgetatik banatzea eta Bergarako hiribilduarekin elkartzea erabaki zuen.
Ahaide Nagusien arteko liskarretan
Elgetak bandokideen borroketan aktiboki hartu zuen parte. Elgetako jaunek (Ganboatarren bandoko Ahaide Nagusiak) beren tropelekin hartu zuten parte inguruko erasoaldietan, bereziki Oinaztarren aldeko ziren aldameneko udalerrien kontra.
1446an, Garcia de Elgeta jaun eta ahaide nagusia hil zen borroka horietako batean. Handik bi urtera, 1448ko ekainaren 23an, bi bandoen arteko gertakaririk odoltsuena jazo zen: Arrasate erretzea. Elgetar askok hartu zuen parte gerra-gertaera horretan. Garai hartan Arrasaten bi familiak nahi zuten hiribilduaren agintea lortu. Familia horietako batek Ganboatarren bandoa zuen bere alde eta besteak, berriz, Oinaztarren bandoa.
1448ko ekainaren 23an, Ganboatarrek, Oinaztarrak garaitu ezinik, hiribildua erretzea erabaki zuten. Izugarrizko hondamena gertatu zen eta odol asko isuri zen. Erreketa horren ondorioz, 1456an, Erregeak Ahaide Nagusien dorretxeak botatzea eta eurak erbesteratzea agindu zuen.

1476an elgetarrak Fernando Katolikoa Erregearekin batera Frantziako Luis XI.aren kontra borrokatu ziren. Frantziako Luis XI.ak, bere aldetik, Gipuzkoa indarrez hartu eta Espainiarekin gerran ari zen Portugalekin bat egin zuen.
XV. mendearen amaieran, Elgetak eztabaida handia izan zuen Eibarrekin lur-muga batzuk zirela medio. Urte batzuk beranduago beste eztabaida bat izan zuten probintziako batzarretan euren ordezkariek hartu beharreko lekuagatik eta botoa emateko ordenagatik. Azkenik, Eibar korrejidorearen ezkerraldean eta Elgeta eskuinaldean jartzea eta botoa lehendabizi Eibarko ordezkariak ematea erabaki zuten.
Frantziako Koroaren aurkako gerrak
Konbentzio-gerra (1793-1795) ere gertutik bizi izan zuten. Guda horren ondorioak batez ere ekonomikoki jasan behar izan zituzten eta gerra-gastuei aurre egiteko lur komunalak saldu behar izan zituzten.
Elgetak Frantziaren kontrako Espainiako Independentzia gerran (1808-1814) hartu zuen parte eta orduan ere elizako zilarra hipotekatu eta ondasun komunal batzuk saldu behar izan zituzten armadaren gastuak ordaindu ahal izateko.
XIX. mendeko Karlistaden ondorioz oraindik handiagoa egin zen herriaren finantza-krisialdia. Lehen Karlistadan Elgetak On Karlosen Frantziara joan aurreko azken harenga ikusi bazuen ere, bigarrenean, liberalen tropei kontra egiteko azken ahaleginaren lekuko izan zen, Intxorta mendiaren eta San Esteban baselizaren artean.
Ubera eta Angiozar auzoak 1927. urtean banandu eta Bergarako hiribilduaren parte izatera pasatu ziren.
1924ko maiatzaren 18an gertakari garrantzitsua jazo zen Elgetan: Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zen. Ordutik Elgeta estu-estu lotuta egon da euskal mendizaletasunaren historiarekin.
1936ko gerra zibilak izugarrizko kalteak eragin zituen hiribilduan; izan ere, frontea Elgetako mendietan egon zen 7 hilabetean. Ondorioz, armada nazionaleko hegazkinek eta artilleriak eraikin gehienak suntsitu eta biztanle ugari hil zituzten. Gerra-ondoko urteak oso gogorrak izan ziren ekonomiari eta industriari dagokienez.
Hala ere, pixkanaka-pixkanaka eta biztanleen izaera lehiatsuari esker, Elgetak gainditu egin zituen urte gogor haiek. 40ko hamarkadan jarduera industrialak hazkunde handia izan zuen eta gaur egun ere jarraitzen du izaten, industrian ez ezik baita gizarte eta hirigintza-sektoreetan ere.