castellano |  Web mapa  
  ELGETA HERRIA
 
 

Ekonomia

Historia ekonomikoa

Testuingurua: Gipuzkoako ekonomiaren historia

Gipuzkoan XIII. mendetik aurrera sortu zen industri jarduera, batez ere zeuden burdina-meategiengatik, itsasoaren hurbiltasunagatik eta lurraldearen baso-aberastasunagatik, eta horixe izan zen industriaurreko euskal ekonomiak izan zuen euskarrietako bat.

XIII, XIV eta XV. mendeetan zehar burdinolak izan ziren Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren protagonista nagusiak. Ekonomia batik bat burdina esportatzera eta gerra eta untzigintza-beharrak asetzera zuzenduta zegoen. Gerra eta kolonizazio-kanpainen ondorioz burdina-eskaria handia zenez, garai horretan burdinolen jarduerak izugarrizko gorakada izan zuen eta horrek zenbait hobekuntza tekniko ere ekarri zituen. XVI. mendean burdinolak mendietatik bailara barrenetara jaitsi ziren, indar hidraulikoa aprobetxatu ahal izateko. Horixe izan zen burdinolen sasoirik onena; izan ere, Gipuzkoa osoan 180 burdinola inguru zeuden.

Gipuzkoako XVI. mendeko industri jarduera, armak (Soraluze) eta ezpatak (Tolosa) fabrikatzera zuzendutako transformazioaren sektorekoa zen batik bat eta atzerriko merkatua zuen bezero nagusi.

XVII. mendean, berriz, jaitsiera nabarmena gertatu zen burdinaren ekoizpenean eta, ondorioz, baita burdinolen kopuruan ere, Suediako industriarekin ezin baitziren lehiatu. 1792an 94 burdinolak egiten zuten lan Gipuzkoan, Oria, Urola eta Deba bailaratan sakabanatuta. Oñatin iltzeak eta burdineriak egiten zituzten; Tolosan eta Hernanin aingurak eta arma zuriak; su-armak Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Arrasaten eta Legazpi, Urretxu eta Zumarragan transformatu metalikoak.

XIX. mendearen hasieran burdinaren produkzioak behera egin zuen nabarmen, kanpoko eskaria jaitsi egin zelako merkatu amerikarra galtzearen ondorioz eta Suedia eta Ingalaterraren lehiagatik. Gainera, herria krisialdi ekonomikoak jota zegoen. Egoera horretan zegoen irteera bakarra penintsulako eta bertako merkatua babestea zen aduanak kostaldera eramanez. Hori 1841ean gertatu zen eta etapa berri baten hasiera izan zen Gipuzkoako bizitza ekonomikoan.

Industrializazio-prozesu berria 1841ean abiatu zen, Karlistada bukatu ondoren, aduanak Ebrotik kostaraino eraman zirenean. Industri siderurgikoa sortzeko lehen saiakerekin batera industria eraldatzailea jaio zen, sektorearen berrikuntza eta Gipuzkoako manufaktura-tradizioa uztartu zituena. Soraluzeko arma-fabrika berriro suspertu zen eta armagintza Deba bailara osoan garatzea eragin zuen. Halaber, berriztapen-prozesua piztu zen burdinaren eta produktu metalurgikoen fabrikazioan. 1905ean Arrasateko Union Cerrajera sortu zen eta handik gutxira Bergarako Labe Garaiak.

XIX. mendearen erdialdera, Gipuzkoako ehungintza jaio zen indar handiz, artisau-tradizioa oinarri hartuta; baina, poliki-poliki indar hori galduz joan zen Kataluniaren lehia handiagatik. 1845 eta 1860 bitartean sortu ziren kotoizko ehun eta estanpatuen fabrikak Bergara, Lasarte, Andoain eta Billabonan. Hala eta guztiz ere, Bergarakoa izan zen hazkunde dezentea izatera heldu zen bakarra.

XX. mendearen lehen urteetan, metalurgia arinaren sustraitzea etorri zen eta hainbesteko indarra hartu zuen ezen ehun eta paper-sektoreei lekua kendu zien. Lehen Mundu Gerrak, bestalde, izugarrizko gorakada eragin zion Gipuzkoako industriari eta, horrekin batera, espezialitate berriak sortzen hasi ziren: burdingintza, forjaketa eta estanpazioak, burdingintza, nekazaritzako makineria eta abar.

Diktaduraren urteak, ostera, ez ziren onenak izan Gipuzkoako industria garatzeko; baina, hala eta guztiz ere, transformazioko metalurgiaren sektorea gora egiten hasi zen, besteak beste, Orbegozo, Echeverria eta antzeko industrialariei esker.

60ko urteetan eta Espainia Europako Batasunean sartzearen ondorioz, Egonkortze Plan Nazionala eraman zen aurrera eta, hasieran sektorean urduritasuna eragin bazuen ere, gero egitura ekonomikoak eguneratzeko behar zen bultzada izatea suertatu zen zalantzarik gabe. Horrela, egitura ekonomikoek hazkunde nabarmena bizi izan zuten 70eko hamarkadaren hasierara arte.

Basoaren uztiaketa Erdi Aroan

Elgeta, mendi-magal batean kokatuta eta politika zein lurralde-arrazoiengatik fundatua, batez ere herri ganaduzalea izan da betidanik. Hiribildua fundatu zenetik XIX. mendearen erdialdera arte, bere ekonomia nekazaritzak, abeltzaintzak eta baso-ustiapenak sortutako baliabideen inguruan egon da oinarrituta. Elgetan ezin izan zen baliatu burdinaren industriak oro har Euskal Herrian XV. mendetik XVII.era arte izan zuen loraldia; izan ere, mendi-gain batean egoteak eta ibairik ez izateak, ez zion uzten energia lortzen burdingintzan aritzeko. Ubera, Angiozar eta Aixolako bailaratan dauden ibaiak ere ez ziren nahikoak behar besteko energia hidraulikoa sortzeko.

XVI. mendean zehar basoen ustiapena izan zen Elgetako ekonomiaren zutabe nagusietako bat. Sasoi horretan, arma-industriak izandako gorakadaren ondorioz, zuraren eskaria ere handitu egin zen eta, hala, ondoko herriak (Soraluze, Eibar eta Arrasate) bere bezero garrantzitsu bihurtu ziren.

Halaber, baserriko produktuek merkatu ziurra zuten hurbileko herrietan, garai hartan garraioa zaila eta garestia zelako kontsumo-merkatuetatik urrun zeuden produktuetarako. Abeltzaintza eta nekazaritzaren aberastasunari esker, udalerriak gorabehera handirik gabe irauteko aukera zuen.

Energia elektrikoa agertu zenean, Elgetak erabateko aldaketa bizi izan zuen: nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduten zuen herria izatetik industri bokazio handiko herria izatera pasa zen.

Elgetak XIX. mendearen erdialdera arte itxaron behar izan zuen industri mugimendua izateko eta horretan aldameneko herrietako (Eibar eta Arrasate) armagintzarekin zuen harremanak lagundu zuen. 1857an Elgetan arlo ezberdinetako profesionalak zeuden: zurginak, errementariak, zapataginak, igeltseroak, sarrailagileak, nekazariak eta armaginen bat edo beste.

Eibarren eragina eta armagintza

XIX. mendearen bukaera aldera, gazte asko Eibarrera jaisten hasi ziren lanbide bat ikasteko eta laster hasi ziren armagintzaren sektorean nabarmentzen. Hain zuzen ere, horietako gazte batek, Udariaga baserrian jaiotako Nikolas Aranzabalek alegia, eratu zituen, "Aguirre"rekin batera, eskualdeko armagintza-sektoreko enpresarik garrantzitsuenetakoa izango zen Eibarko "Aguirre y Aranzabal"en zimentuak.

1982an, Elkoro familia industri jarduerari ekin zion buru-belarri, bere produkzioa armagintzaren sektorera bideratuz, eta hainbat hamarkadetan produkzio hori izan zen bere fabrikazioaren ardatza. 60ko hamarkadan, baina, beste sektore batzuetara bideratu zuen produkzioa, zehatzago esateko, automozio, bizikleta, sarrailagintza, ziklomotore, erreminta eta industri altzarien sektoreetara. Gaur egun, Tornilleria Elcorok dekoletajearen sektorera bideratzen du bere jarduera, hain zuzen, segmentazio txiki eta ertainera, eta kalitatearen eskakizunei jarraiki Elgetako herriko industria nagusienetakoa dugu.


Azken urteotan industri-jarduera nabarmen hazi da.

Elcoro Decoletaiak egun hiru industri planta ditu: horietako bi Elgetan bertan eta hirugarrena Mendaron, eta 70 pertsona inguru daude lanean.

Mendearen hasieran, 1914an, Ruperto Basaurik beste arma-fabrika bat kokatu zuen Elgetan eta hogei langile baino gehiago izan zituen. 1932. urterako, Zabala anaiak hasita zeuden eskopetaren sektorean lanean. Ehiza eta tiro-eskopetak bakarrik egiten zituzten. Denbora gutxian udalerriko enpresa nagusietakoa izatera heldu ziren, urterik oparoenetan 80 langiletik gorako plantilarekin. Lanean eman duten 60 urteetan, Zabalatarrek 700.000 arma inguru ekoitzi dituzte, beti famili enpresa izanda.

50eko urteetan esportatzen hasi ziren eta herrialde askok Zabala anaiek fabrikatutako eskopetak inportatu zituzten: AEB, Frantzia, Argentina, Italia, Txile, Venezuela, Portugal, Hegoafrika, Egipto, Nigeria, Australia, Grezia, Norvegia, Kanada eta abar.

Gaur egun Zabala Hermanos fabrika guztiz integratua da, makineria eta teknologia modernoak dituena. Eskopetaren pieza garrantzitsuenen, alegia, baskula, kanoi eta kulataren, mekanizazioa enpresan bertan egiten da eta baita geroko doikuntza eta azken muntaia ere, den-dena eskopeta-fabrikazioaren artisau-tradizioei jarraituz. Zabala Hermanos-ek gaur egun kalitate, segurtasun eta dotorezia handiko produktu-sorta zabala eskaintzen du, bai eskopeta paraleloetan bai ehiza eta lehiaketetarako eskopeta gainezarrietan. Gainera, Italiako "Fabarm" arma-marka ospetsuaren esklusiba du gaur egun.

Mendearen hasieran eskualde osoan gutiziatzen zituzten Zeleta eta Torregoikoa ehuleen produktuak. 1931n, Erostarbe familia zurgintzan hasi ziren lanean eta Elgetako industriarik indartsuenetakoa jasotzera heldu. Geroago, Erostarbetarrek enpresa handitu egin zuten Okinan (Zumaia) beste planta bat zabalduz. Guztira ehun langileko plantila izatera heldu ziren. Urte batzuk geroago, Elgetan beste enpresa batzuk sortzen hasi ziren, batez ere forjaketa, estanpazio eta trokelgintzaren sektoreetan.

EAEko gainerako herrietan bezala, 50eko urteetan Elgetak industri hazkunde handia bizi izan zuen eta horrek batez ere penintsularen hegoaldeko etorkin-pilaren etorrera eragin zuen nagusiki. 70eko urteen hasieran, Espainiako hogeita hamar probintziatako baino gehiagoko familiak zeuden Elgetan, udalerriak garai horretan bizi izandako industri hazkunde nabarmenaren lekuko.

XIX. mendean hiribilduaren ekonomia nekazaritza eta abeltzaintzako produkzioan oinarritzen zen eta 1950. urtean ere industriaren eta zerbitzuen sektoreen aurretik zegoen. 1965ean, berriz, industriak atzean utzi zuen nekazaritza: 318 lagun ziren industriaren sektorerako lan egiten zutenak eta 145 nekazaritzan jarduten zutenak. 1970ean, jada, 74 baino ez ziren nekazaritzatik bizi zirenak, 333 industrian zeuden eta 59 zerbitzuetan.

Pixkanaka, azken urteotan bertan behera utzi dira bai abeltzaintza eta bai nekazaritza eta, ondorioz, izugarri gutxitu dira nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenak. Industria, ostera, izugarri sendotu da. Ondorioz, asko dira hutsik geratu diren baserriak eta horietan nagusitzen den jarduera baso-ustiapena da. Esandakoaren adierazgarri 1996ko datuak ditugu: lana zuten herritarren %4,24 bakarrik ari ziren lehen sektorean; industriaren eta zerbitzuen sektoreetan, berriz, %48,54 eta %42,71 hurrenez hurren, eta gainerako %4,51 eraikuntzan.

Egungo egoera ekonomikoa

Enpresa jarduera eta profesionalen eskaintza. Industria, merkataritza eta zerbitzuak gaur egun

90eko hamarkadan, herriko industri-sarea eratzen hasi zen. Hamarkadaren hasieran 14 enpresa zeuden udalerrian eta 185 langileri ematen zieten lana. Enpresa horiek ondorengo ezaugarri nagusiak zituzten:

.
90. HAMARKADA HASIERAKO ENPRESAK
ENPRESAREN IZENA JARDUERA LANGILE KOPURUA
Marmolería Aperribay Zabala Hermanos, S.A. Marmolak 5
Construcciones Iralgi, S.L. Urbanizazio-lanak 6
Copropietarios Lagun Artea Errota Lakatzailea 2
Talleres Echebarria Armetarako Malguki eta osagarriak 2
Estampaciones Elgeta, S.LEstanpazio orokorra 6
Forjas Garaciaga, S.A. Piezen forjaketa sistema horizontal bidez 33
Industrias Zeleta, S.A. Estrusio bidezko piezen fabrikazioa 8
Iraunkor, S.A.L. Trokelatze eta enbutizio-lanak 6
Laibe, S.L. Makineria konpondu eta mantentzea 11
Recyde, S.A. Dekoletajea torlojo anitzeko tornuetan 34
Tapem, S.A. Hari bidezko elektroerosio-ebaketa 3
Tornillería Elcoro, S.A. Torlojo eta piezen fabrikazioa 18
Troque, S.A. Trokelaketa orokorra 11
Zabala Hermanos, S.A. Ehiza eta tirorako eskopeten fabrikazioa 40

Hamalau enpresa horiek ondorengo banaketa zuten jarduera-esparruen arabera:

  1. 11ek metalen transformazioan aritzen ziren. Hamaika horietatik 5ek forjaketa eta estanpazioa lantzen zuten, 3k metalezko artikuluak, eta beste 3k tailer mekanikoak ziren.
  2. Batek metalikoak ez diren produktu mineralen industria.
  3. Batek errota-produktuen fabrikazioa.
  4. Batek eraikuntza.

Lanean ari ziren 185 lagunetatik 172 metalen transformaziokoak ziren eta 13 gainerako jardueretakoak. Datu adierazgarri gisa, azpimarratu behar da udalerri honetan kokatutako enpresen artean ez zegoela kooperatiba bakar bat ere, nahiz eta kooperatiba-mugimendua sortu zen eskualdean egon.

1999an Elgetako industri jardueran hazkunde nabarmena ikusten da, nahiz eta jarduera-sektore honetan diharduen udalerriko pertsonen kopurua nabarmen jaitsi orduko errolda-datuen arabera. Hamarkadaren amaierarako gutxi- gorabehera 40 enpresa ziren Elgetan martxan zeudenak:

90. HAMARKADA BUKAERAKO ENPRESAK
ENPRESAREN IZENA JARDUERA LANGILE KOPURUA
Alfa Deco, S.A. Doitasun-mekanizazioa CNC bidez <50
Altube, S.A. Eper-hazkuntza barrutietarako <10
Alza Automobil-kamioietarako ordezkoak <10
Anjace, S.L. Burdindegiko artikuluen fabrikazioa <10
Aperribay, S.L Sukaldeko entzimerak <10
Metales Bolinaga, S.L. Metalak berreskuratzea <10
Cardi Metalezko tresna eta trokelen fabrikazioa <10
Elcoro, S.A. Dekoletajea <40
Elcoro, S.A. Dekoletajea <40
Elgeta, S.L. Hotzeko estanpazioa <20
Elgeta, S.L Altzairu-biltegia <10
Emai, S.L. Zura <10
Ermua, S.L. Pinturak <10
Eve, S.A. Trokelgintza eta estanpazioa <20
Frimiguel, S.L. Haragi, hegazti eta arrautzen handizkako salmenta <10
Fundi-Press, S.L. Zamak-injekzioko galdaketa <10
Galgorri Opil eta gozogintzako industria <10
Garaciaga, S.A. Forjaketa horizontala <50
Garaicoechea Arma-fabrikazioa <10
Garinox, S.L. Etxeko tresnerien fabrikazioa <10
Iapam Presio-tutueria baxu eta altuen instalazioetarako galdaragintza <10
Iraunkor Lara, S.L. Zamak-injekzioko galdaketa <20
Iraunkor, S.A. Metal-estanpazioa <10
Jean y Chaumont I, S.A. Metalak babesteko tratamenduak <20
Lacor, S.A. Sukaldeko tresnerien fabrikazioa <70
Laibe, S.L. Makina-erreminten fabrikazioa <20
Lan-hotz, S.L. Ostalaritzako makineriaren konponketa <10
Montajes Oban Metal-akaberadun artikuluen fabrikazioa <10
Olarri, S.L. PVC leihoen fabrikazioa <10
Orpasa, S.L. Alanbre floje estanpatuaren deformazioa <10
Recyde, S.A. Dekoletajea-biltegia <80
Recyde, S.A. Dekoletajea <80
Safe, C.B. Torlojogintzako bigarren eragiketak <10
Sisteco, S.L. Makina-erremintaren fabrikazioa <20
Suministros Elgeta, S.L. Burdina eta altzairuaren handizkako salmenta <10
Sufersa, S.A. Burdinariako biltegi-zainak <20
Tapem, S.A. Trokelgintza <30
Troque, S.A. Estanpazioa eta trokelgintza <20
Zabala Hermanos, S.A. Eskopeta-fabrikazioa <40

Oraindik enpresa gehienek metalen transformazioaren sektorekoak izaten jarraitzen dutela ikus dezakegu, nahiz eta sektorea izugarri dibertsifikatu. 90eko hamarkadan nabari-nabaria izan zen industri sarearen hazkundea eta horren dibertsifikazio gero eta handiagoa. Bestalde, metalen transformazioaren inguruko jarduerek jarraitzen dute nagusi izaten. Gaur egun Elgetak 138.000 metro karratu baino gehiago ditu industri lurzorutan, eta horietatik ia 98.000 Pagatza 1 Industrialdeari dagozkio. Industri sektorean jarduten duten langileen kopurua, berriz, 600 ingurukoa da.

Azken urte hauetan eta, batez ere, udalerrian industri sektorea bizi izaten ari den egoera ekonomiko onak bultzatuta, zerbitzuen sektoreak hazkunde nabarmena izan du. Egun udalerrian hirugarren sektorean aritzen direnen kopurua bigarren sektorean ari direnen antzekoa da. Industri jarduera dela-eta, langile askok etorri behar du egunero gurera eta hori nabaritu egin da herriko saltoki eta jatetxeetan.

Lana eta langabeziaren azken urteotako datuak

1981tik 1996ra bitartean Eustat-ek eskaini datuen arabera, hirugarren sektorean izugarri hazi zen langileen kopurua, hainbeste ezen bigarren sektorean aritzen direnen bestekoa zela, datuek erakutsi bezala:

ELGETAKO LANDUNEN TASAREN BILAKAERA 1981ETIK 1996RA
URTEA 1981 1986 1991 1996
OKUPATUAK 450 314 351 377
LEHEN SEKTOREA 54 24 25 16
BIGARREN SEKTOREA 313 174 187 200
HIRUGARREN SEKTOREA 83 116 139 161

EUSTATek 1996an kaleratutako datu ofizialen arabera, Elgetan 377 biztanle landun zeuden eta sektore ekonomikoen arabera honela banatzen ziren:

LANDUNAK SEKTOREEN ARABERA
ELGETA GIPUZKOA EAE
NEKAZARITZA 16 %4'24 %2'9 %2'4
INDUSTRIA 183 %48'54 %34'1 %30'4
ERAIKUNTZA 17 %4'51 %6'9 %8'1
ZERBITZUAK 161 %42'71 %56'1 %59'1
GUZTIRA 377 %100 %100 %100

Taula aztertzen badugu, honako ondorio hauek atera ditzakegu:

  • Elgetan garrantzi handia du industri sektoreak; gainera, probintziaren gainerako herrietan eta EAEn baino handiagoa.
  • Elgeta mila bizilagun inguruko udalerria dela kontuan hartuta, hirugarren sektorearen ekonomi jardueraren portzentajea nabarmena da oso eta, beraz, udalerriaren izaera dinamikoa erakusten du.

Langabeziari dagokionez, INEMek 1999-12-31n kaleratutako datuak hauek izan ziren:

LANGABEZIA SEXUEN ARABERA
ADIN TALDEAK GIZONEZKOAK EMAKUMEZKOAK
20 urtetik beherakoak 1 -
20-24 - 2
25-29 2 2
30-34 1 2
35-39 - 2
40-44 - -
45-49 - 2
50-54 - 1
55-59 3 -
59 urtetik gorakoak 2 -
Guztira 9 11

Elgetan 1999. urtearen bukaeran zeuden 20 langabeetatik %55 emakumeak ziren (batez ere 20-40 urte bitartekoak) eta %45 gizonak. Langabe horien ikasketa-maila, berriz, ondorengoa zen:

  • Oinarrizko ikasketak: 1
  • Eskola-ziurtagiria: 7
  • OHO: 4
  • BBB: 5
  • Lanbide Heziketa: 1
  • Goi-mailako titulua: 2

Elgetako langabearen profila, beraz, 20-40 urte bitarteko emakumea da. Ondorengo taulak, Elgetan eta beste lurralde batzuetan izandako langabezia aztertzen du:

LANGABEZIA 1999KO MARTXOAN
LURRALDEA 1998 1999 HAZKUNDEA
GIPUZKOA 30.882 26.586 -%13'9
DEBAGOIENA 1.618 1.516 -%6'3
ELGETA 18 19 +%5'6

Joan den mendeko azken urteetan langabeziak beherakada nabarmena izan zuen, betiere INEMen datuei erreparatuz, ondorengo taulak erakutsi bezala:

  • 1986ko martxoaren 31n: 59 langabetu
  • 1987ko martxoaren 31n: 72 langabetu
  • 1988ko martxoaren 31n: 57 langabetu
  • 1989ko martxoaren 31n: 58 langabetu
  • 1990eko martxoaren 31n: 62 langabetu
  • 1991ko martxoaren 31n: 59 langabetu
  • 1992ko martxoaren 31n: 39 langabetu
  • 1992ko abenduaren 31n: 39 langabetu
  • 1993ko martxoaren 31n: 41 langabetu
  • 1993ko abenduaren 31n: 43 langabetu
  • 1994ko martxoaren 31n: 44 langabetu
  • 1994ko abenduaren 31n: 40 langabetu
  • 1995eko martxoaren 31n: 36 langabetu
  • 1995eko abenduaren 31n: 31 langabetu
  • 1996ko martxoaren 31n: 30 langabetu
  • 1996ko abenduaren 31n: 30 langabetu
  • 1997ko martxoaren 31n: 28 langabetu
  • 1997ko abenduaren 31n: 19 langabetu
  • 1998ko martxoaren 31n: 18 langabetu
  • 1998ko abenduaren 31n: 20 langabetu
  • 1999ko martxoaren 31n: 19 langabetu
  • 1999ko abenduaren 31n: 20 langabetu
  • 2005eko martxoaren 31n: 10 langabetu.

Azken urteotan, nabarmen jaitsi da langabezi-tasa. 1987ko datuak hartu eta gaur egungoekin alderatzen baditugu, %70 baino gehiago murriztu dela ikusiko dugu. Zalantzarik gabe, jaitsiera hori egoera ekonomikoak oro har eta industri sektoreak bereziki izan duen hobekuntzari zor zaio. Azken urteotan asko dira beren industri jarduera Elgetako udalerrira ekartzea erabaki duten enpresak. Gaur egun Elgetako industrietan lanean dihardutenak 600 pertsona inguru dira.

Erakunde ofizialek enpresa edo negozio berriak sortzeko joera eta jarduera

Udalek aspalditik sentitzen dute beren udalerriak dinamizatu eta garatzeko esku-hartzeko beharra eta, behar horri erantzunez, jarduera-esparru lokalak sortu dira. Horrela bada, udalek gestio-tresna azkarrak dituzte, identifikatutako ahalmen propioei balioa emateko asmoz denboran zehaztu diren ekintzak burutzerakoan eraginkortasunez jokatzeko, programa propioak gauzatuz eta dauden bitartekoak optimizatuz.

Ildo horretatik, Elgetako Udalak Garapenerako Udal Sozietate Publikoa sortu zuen, Elgeta 21 izenekoa, ekimena eta inbertsioa bultzatu eta sustatzeko helburua duena, Elgetako udalerriaren garapen jasangarria lortzeko. Elgeta 21 bost milioi pezetako kapital sozialarekin eratu zen eta, besteak beste, honako helburu hauek ditu:

  • Industri eraikinak, etxebizitzak eta era guztietako zerbitzuak eraikitzeko lurzorua sustatu, antolatu, urbanizatu, erosi eta saltzea.
  • Elgetaren mesedetan erabilera publikoa eta pribatua izan ditzaketen industri eraikinak, etxebizitzak, zerbitzuak eta komunitate-dotazioak bultzatu, proiektatu, eraiki, erosi, saldu edo laga eta kudeatzea.

Pagatza 1 industrialdearen (20 enpresa baino gehiago eta 98.000 metro karratuko azalera duena) gestioa arrakastaz bukatu ondoren eta etxebizitzen 4. sektorea finkatu ondoren, Elkartearen helburu nagusia ondorengoa da: udal lurzoruen erreserbak eratzea, hirigintzaren plangintza eta gestioaren garapena erraztu eta agente pribatuei hirigintza-prozesuan parte hartzen laguntzeko.


Elgeta.org © Elgetako Udala
Mendizaleen enparantza 1, 20690 Elgeta (Gipuzkoa)
Tel.: 943 76 80 22 ·
kultura@elgeta.net

Goienak garatutako eta kudeatutako webgunea Code & Syntax-en Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | es