castellano |  Web mapa  
  ELGETA HERRIA

Biztanleria


Elgetarrek ohitura zaharrei eusten jakin izan dute.

Euskal lurraldea, orografia dela-eta, tradizionalki toki egokia izan da belarjale handiak bizitzeko eta, horregatik dira, hain zuzen, ehiztariak herri honetako biztanleak. Gizakiaren bizitzarako hain beharrezkoak diren ehiza, ura eta zurari esker, euskal lurraldeak erakarri egin izan du gizakia. Gure antzinako arbasoen zantzuak agertuz joan dira denboran zehar, euskal lurraldean etengabe ezarri diren lur-geruzak aztertuz.

Horren haritik, Euskal Herriko Historiaurrea bi kultura hauen barruan sartzen da:

  • Paleolitoan, kultura Franko-Kantabriarraren barruan, Frantziako Mazizo Zentraletik hasi eta Asturiasetik harantz hedatzen zena.
  • Neolitoan, Garona eta Ebro ibaien arteko Pirinioen bi isurialdeetako kultura Piriniarraren barruan.

Paleolitoan gizakia kobazuloetan bizi zen familiaz gaindiko taldeak osatuz, ehizatzeko helburuarekin. Mota guztietako animaliak ehizatzen zituzten, batik bat, zezenak, oreinak, errinozeroak, basurdeak, putreak... Zentzu artistikoa, magikoa eta erlijiosoa zuten objektuen industria garatzen hasi ziren eta garai horretakoak dira baita labar-pinturak eta lehen grabatuak ere.

Neolitoan eraldaketa garrantzitsuak gertatu ziren eta horien artean soziologikoak dira nabarmentzekoak. Herria sortu zen eta horrekin batera kultur fenomeno nahiko iraultzailea. Gizakia, nolabait ehiza baztertu eta animaliak (behiak, ahuntzak, ardiak, ...) etxekotzen hasi zen. Horrela bada, animaliak taldeetan bildu eta produkzio-ekonomia berria sortu zuen, herriei egonkortasuna emanez.

Neolitoan euskaldunak aitzurrak leuntzen hasi ziren, ofita izeneko harri batez eta mailuez. Halaber, zeramika egiteari ekin zioten, eta buztinezko ontziak sortu zituzten. Ontziok mota guztietako elikagaiak egosteko eta, batik bat, ura bizilekuaren barruan gordetzeko erabiltzen ziren. Garai honetan sortu zen, baita ere, nabigazioa eta, horretarako, zuhaitz-enbor hutsen bidez eraikitako piragua txikiak erabili zituzten.

Neolitoaren beste ezaugarrietako bat zedarri monumentalak, trikuharrietako lurperatzeak eta leundua izaten hasi zen industria litikoa dira. Alderdi erlijiosoari dagokionez, badirudi euskal gizakiak animalia formako jenioak gurtzen zituela. Eskeletoen orientazioa kontuan hartuta, berriz, esan daiteke aldi honetako gizakiak eguzkia ere gurtzen zuela.

Bigarren kultura horretako, hau da, gizakia artzain hasi zen garaiko aztarna batzuk aurkitu dira Elgetan. Neolitoari kronologikoki Neolitoaren azken fasean sartzen den Eneolitoak jarraitzen dio. Aldi honetan gizakien bizimoduan berebiziko aldaketakgertatu ziren:

  • Gizakia kobrea erabiltzen eta zeramika egiten hasi zen.
  • Lurra lantzeari ekin zion.
  • Artzaintza ibiltaria nagusitu zen eta horrek herriak elkarrekin harremanetan jarri zituen.

Eneolitoko harri leunduzko aizkora bat dugu Elgetan, gaur egun Bergarako udalerriaren barruan dagoen Uberan aurkitu zena. Halaber, Irutontorretako gainean bi galgan dolmeniko aurkitu ziren. Beraz, badirudi Neolitoan behintzat gizakia bizi izan zela Elgetan.

Neolitotik Goiz Erdi Arora bitarteko aldian, mila urte baino gehiagoko isilunea dugu, ez baitugu aurkitu epealdi luze horretan Elgetako herriak egin zuen bizimoduaren berri emango digun aztarnarik.

Hiribilduaren sorrera

Erdi Aroan, berriz, lehen herri-asentamenduak Jalotza eta Olaegi baserrien inguruan egin ziren; zehazki, udalerriaren beheko aldean, Bergararako bidean Ubera auzotik hurbil. Hain zuzen baserri horien inguruetan, Elgeta eta Uberako lehen gurtza-lekua izan zen eta gutxienez XIV. mendearen lehen erdian eraiki zen Uriarteko Amaren Santutegiaren aurriak daude.

1335eko irailaren 13an, Alfontso XI.ak herri-gutuna eta Gasteizko forua eman zizkion herriari eta, horren bidez, Elgetako hiribildua sortu zen Maia inguruan. Agiri horretan, erregeak Elgeta sortzeko arrazoia azaltzen du: por facer bien y merced a todos los que quisieren venir, poblar e morar en la puebla nueva que se face en los campos de Maya, a la cual puebla ponemos el nombre de Elgueta , que es frontera de Vizcaya.

Elgeta sortzeko arrazoiak ez ziren izan ez komertzialak ez industrialak, baizik eta politiko-territorialak eta, horregatik hain zuzen, mugatu zen Elgetako bizimodua abeltzaintza eta basogintzara. Udalerria, barrura sartu ahal izateko ateak zituen harresi batek babesten zuen. Egitura hori zen egokiena izan zitezkeen lapur eta gerra-erasoetatik babesteko.

XIII eta XIV. mendeetan egoera sozio-ekonomikoak hobera egin zuen:

  • Burdinolak sendotu ziren eta untzigintza eta jarduera komertziala hazi zen.
  • Elikagaien eskasiari aurre egin zitzaion.
  • Probintziako burdina-produkzioari irteera eman zitzaion eta Gaztelako artilearekin komertziatzeari ekin zitzaion.

Industriak eta merkataritzak indarra zuten arren, eta 1338. urtean eman eta 1371n berretsitako pribilegioetatik ondorioztatzen denez, Elgetan abeltzaintza zen nagusi. Hiribildua kanpotik ezarritako beharrengatik sortu zen eta, horregatik, izaera berezia izan zuen: hiribildua jendeztatzeko deiak egin ziren eta, horren truke, hainbat ordain jaso zituen; pribilegio horiek Gipuzkoan Hondarribiak bakarrik izan zituen.

Larreen akotazioak barruko bizitzari laguntzeko helburua zuen, nahiko talde edo nukleo handiak eratzeko besteko lurrak ematearen bidez dibisio geografiko politikoko mugan lurra defendatuko zuen armada handia izateko. Arrazoi horregatik, XIX. mendearen amaierara arte Elgetako ekonomia abeltzaintza eta basogintzan oinarritu zen.

Baina XIX. mendearen amaieratik aurrera aldaketa sakonak izan ziren:

  • Garai hartan Elgetan artisautzaren industria sortzen hasi zen.
  • 50eko hamarkadan industri hazkunde handia izan zen. Industria berriak eratu eta XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran sortu zirenak sendotu egin ziren.
  • Horren ondorioz, 50eko hamarkadan biztanleriak hazkunde handia izan zuen, penintsularen hegoaldetik etorri migrazio-mugimenduengatik.

Gaur egun esan daiteke Elgeta Gipuzkoan euskaldun portzentaia handiena duen herria dela. Elgetan hitz egiten den euskalkia bizkaiera da.


Elgeta.org © Elgetako Udala
Mendizaleen enparantza 1, 20690 Elgeta (Gipuzkoa)
Tel.: 943 76 80 22 ·
kultura@elgeta.net

Goienak garatutako eta kudeatutako webgunea Code & Syntax-en Udalerria Web Plataforma erabiliz. 2002.

TESTU HUTSEZKO BERTSIOA | es